KOLDO COLOMO CASTRO

Aurkibidea

  1. Aurkezpena
  2. Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoko estelen bilduma

2.1 Jatorria

2.2 Kronologia

2.3 Sinesmen erlijiosoak

2.4 Ehorzteko tokiak

2.5 Funtzionaltasuna

2.6 Fabrikazioa

2.7 Ikonografia

2.8 Epigrafia

  1. Katalogoa
  2. Bibliografia

Aurkezpena

Joxe Ulibarrena Arellanok (Azkoien, 1924ko urtarrilaren 25a – Uterga, 2020ko apirilaren 20a) 1964an ireki zuen, Berriobeitiko Napartxo etxean, Nafarroako lehendabiziko museo etnografikoa.

1982an, Mariscal Pedro de Nabarra fundazioa sortu zuen, museoko funtsen kudeaketa integrala errazagoa izan zedin. Gero, Artetara eraman zuen bilduma, eta 1986ko urriaren 10ean egin zuen inaugurazio berria.

Lehendabiziko bilduma etnografiko haren piezak oso interesgarriak ziren ondarearen aldetik, eta nabarmentzekoak dira zenbait estela diskoidal, egun Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoaren funtsaren parte direnak.

Gure bildumako pieza horiek duten legezko kategoriari dagokionez, esan beharra dago estela diskoidal horiek ondasun inbentariatu deklaratu zituztela, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarriaren 2. artikuluari jarraituz.

Bestalde, gure entitatea bilduma museografiko iraunkor izendatu zuten 2017an, eta hala, Nafarroako Museoen Sistemaren parte bihurtu zen, Nafarroako Museoei buruzko 10/2009 Foru Legearen babesean.

Nafarroako Erresumako ondasun etnografikoa eskuratu, zaindu, kontserbatu, interpretatu, ikertu, erakutsi, hezi, komunikatu eta zabaltzeko lan egiten duen entitatea den aldetik, Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoak uste du 26 estelako bilduma horrek berezko interes kulturala duela Nafarroarentzat, eta hortaz, piezen eta bisitarien arteko zubi-lana egiteko, katalogo monografiko honetan bildu ditu, batetik, garai desberdinetako zenbait egileren azterlanak, eta bestetik, argitaratutako nahiz argitaratu gabeko dokumentazioa.

Gainera, argitalpen honek omendu gogo ditu herri honen ondare kulturala ikertzeko denbora hartu eta beren baliabideak erabili dituzten guztiak, era horretan erresuma zaharraren memoriari eutsi diotelakoan.

Museoko arduraduna: ELUR ULIBARRENA HERCE

 

 

Koldo Colomo Castro

2 Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoko estelen bilduma.

26 pieza ditu guztira Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoko estelen bildumak (Artetako Fantikorena etxea, Ollaran), eta ia denak tipologia diskoidalekoak dira. Kontserbazio egoera ez da berdina: hemeretzi osorik daude, lauk diskoa besterik ez dute, bi zatiturik daude, eta bat diskoaren zati bat da. Den-denak Joxe Ulibarrenak eskuratu zituen, zeina artista eta eskultorea ere izan baitzen, egungo museoaren sustatzailea izateaz gain.

“Plastika euskarianoa” bilatu nahian, hura izan baitzen Ulibarrenak berak sortutako hitza bere lanaren piztaile nagusia izendatzeko, eskultoreak ekin zion oraingo bilduma osatzen duten piezak eskuratzeari. Piezak biltzeko orduan, irizpidea izan zen Iruñeko Erresumako lurralde historikokoak izatea, hura modu esentzialistan ulertuta. Honelaxe zehaztu zuen eskultoreak 1990ean: Museo honek hamabi estela ditu, garai desberdinetakoak eta Iruñeko Erresumako eskualde desberdinetakoak, besteak beste, Nafarroa, Lapurdi, Gipuzkoa, Jazetania, Araba, Bizkaia eta Errioxakoak (Ulibarrena 1990: 27). Eta gehitu zuen: lan horiek berezko izaera dute, etnikoplastikoa, bertako mentalitatean sortu baitziren, arkitektura eta dekorazio heteroplastikora egokituta; eta adierazpen sinbolikoak eta epigrafikoak dituzte (Ulibarrena 1990:27).

2.1 Jatorria

Joxe Ulibarrenaren begirada artistikoa gehiago arduratu zen piezen azterketa plastikoaz alderdi zientifikoez baino (piezen jatorri zehatza jasotzea, esaterako). Egia da katalogo honetako piezen jatorriari buruzko zenbait datu azaltzen direla Odón Ulibarrena semeak (1985) nahiz Joxe Ulibarrenak berak (1990) eginiko argitalpenetan eta 1980tik 1986ra bitarte prestatutako museoko bisiten eskuliburuan. Hala ere, bildumako gainerakoak ezin izan dira jatorrizko lekuarekin lotu, zeren, nahiz eta bisiten eskuliburuan herri batzuk aipatu (Beroitz, Zabaldika, Maia, Itoitz, Iruña, Obanos eta Idoi), bertan ez baita piezaren deskribapenik ematen edo argazkirik biltzen. Ezin dugu jakin, halaber, hor zerrendatutako estelak bilduman dauden gaur egun edo ez; izan ere, Latasako estela, Odón Ulibarrenaren argitalpenean jasotzen dena (1985: 93), Berriobeitiko museotik lapurtu zuten. Edonola ere, eta informazio falta hori gorabehera, oraingo piezetako ikonografia erkatuz jakin dezakegu gutxienez 11., 14., 15., 16., 17. eta 26. estelek korrelatu ikonografikoak dituztela egun Nafarroan katalogatuta dauden 1700dik gorako estelen artean[1], eta Urdanoz abizena, 25. estelako epigrafian jasotakoa, Goñibarrekoa dela, eta beraz, Nafarroarekin lotzen dugu.

Bukatzeko, Loarre ingurukoak izenarekin katalogatutako piezak aztertu ditugu. Kontuan izanik Jakako zenbait piezekin dituzten antzekotasun tipologiko, ikonografiko eta epigrakoak, baita pieza horiek nola aurkitu zituzten ere, esan dezakegu museoko bildumako bi estelak (2. eta 3. estelak), gutxienez, jatorria dutela Jaka hirian desagertutako San Frantzisko komentuko hilerrian. Korrelatua dute udaletxean erakutsitako 1. eta 7. piezekin (Marco Simón eta Ona González 1994, eta gero, García Omedes 2015).

 

 

2.2 Kronologia

Bildumako piezak Erdi Arotik XIX. mendera bitartekoak dira. Aintzat harturik Nafarroako eta penintsulako beste toki batzuetako estela diskoidalen kronologia orokorra eta ikonografia, esan dezakegu pieza gehienak XII. mendetik XV.era bitarte egin zituztela (1. estelatik 18.era). Aparteko datu gisa, zehaztu dezakegu 1. Estela XII. mendekoa dela, azterketa epigrafikoa dela eta, eta 2. estela, berriz, 1285. urtekoa.

Horretaz gain, bildumako pieza batzuek Erdi Aroaren ondoko kronologia dute, XVI. mendetik XIX.era bitartekoa. Horien artean, ziur aski XIX. mendekoa den pieza diskoidal bat nabarmentzen da (25. estela), baita hilerriko pieza tabular bat ere, XIX. mendearen bukaerakoa edo XX.aren hasierakoa (26. estela).

 

2.3 Sinesmen erlijiosoak

Mundu kristauan, heriotzak aldi baterako bereizten ditu arima eta gorputza, azken hori berpizkundearen zain gelditzen baita. Erdi Aroan, gizon-emakumeak ez ziren heriotzaren beldur, infernuaren beldur baizik.

XII. mendetik aurrera parrokiak sortu ziren, sakramentuak emateko helburuarekin. Haien inguruan parrokiako hilerriak azaldu ziren, eliztarren ehortz-lekuak eta parrokietarako diru-iturriak.  Hor, estela diskoidala da hilarri ohikoena, behintzat penintsulako kristauen artean Behe Erdi Arora arte. XII. mendean, orobat, Azken Judizioa hasi zen elizetako atarietan irudikatzen, eta gizabanakoek egindakoek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten arimaren salbaziorako.

XIII. mendean, hirien loraldiarekin, hirugarren eremu bat finkatu zen zeruaren eta lurraren artean: garbitokia. Leku horrek areago sendotzen ditu arimen aldeko laguntzak eta otoitzak, eta hala, bizidunen eta hildakoen arteko elkartasuna bultzatu zuen. XIV. mendetik aurrera, heriotzaren ondoko bigarren judizio partikularraren gaineko sinesmena zabaldu zen. Testuinguru horretan, Jesus eta Maria pasa ziren hildakoaren arimaren aldeko bitartekari nagusiak izatera, eta Ars Moriendi izeneko testuak edo tratatuak argitaratu ziren, heriotza ona izaten laguntzeko, horrek arimaren salbazioa bultzatuko zuelakoan.

 

2.4 Ehorzteko tokiak

Gorpuzkiak ehorzteko tokia garrantzitsua da hor geldituko direlako haragia berpizteko egunera arte. Hori dela eta, estelek gorpua datzan tokia markatu eta babesten dute, eta zendua gogoan izateko eta haren arimaren aldeko otoitz egiteko harriak dira. Parrokiako hilerrian egiten dira ehorzketak, baina hirietan arimen bitartekaritza lanetarako prestigio handiagoa duten beste leku batzuk hobesten dira, hala nola ordena erlijioso jakin batzuen komentuak eta elizak. Bestalde, eta paradoxikoa izan arren, erabilera handikoak dira Erdi Aro Beteko eta Behe Erdi Aroko kanposantu horiek, eta gorpuak elkarren gainean metatzen dira. Horregatik, tarteka-marteka, hezurrak kendu eta hezurtokietara eraman behar dira, ehorzketa berriak egin ahal izateko.

Erdi Aroan zehar, estela diskoidala da bizilagunen sektore zabal batek erabiltzen duen hilarria. Sektore horrek nolabaiteko maila soziala eta ekonomikoa du, zenduak honako hauek baitira, esteletako ikonografiari jarraituz: erlijiosoak, ordena militar-erlijiosoetako kideak, artisauak, garrantzizko nekazariak, leinu prestigiodunekoak edo, baita ere, behe nobleziakoak. Gainerako herritarrak ez bezala, nobleziako eta elizako hierarkiako kideak tenpluen barrenetan ehorzten ziren, oso maiz norberaren kaperan edo aldaretik gertuko tokietan.

Erdi Aroaren bukaeran, tokialdatu ziren ehorz-lekuak, kanpoaldeko hilerritik tenpluaren barrenera pasatu baitziren, ordura arte nobleei eta elizako goi kargudunei gordetako eremu sakratu hartara. Testuinguru berri horretan, estela desagertu zen, baina alde sozioekonomikoak markatzeari eutsi zitzaion tenplu barrenetan ere, hilobi monumentuen bidez eta espazio pribilegiatuenen okupazioaren bidez. Izan ere, aldaretik edo ebanjelioko hormatik hurbileko tokiak edo gorpuzkiak biltzeko eraikitako aldamenetako kaperak izaten ziren lekurik preziatuenak betiko atsedenerako. Gainera, familia ekonomikoki eta sozialki aipagarrienen izenak edo armarriak azaldu ziren tenpluko zoruan paratzen hasi ziren hilobietako harlauzetan edo zurezko tapakietan.

Iparraldean dugu Euskal Herriko salbuespena,  hor tenpluko kanpoaldean jarraitu baitzuten ehorzten, eta estela diskoidalek ordura arte ez bezalako protagonismoa bereganatu zuten, XVI. mendetik XVIII. mendeko lehenengo erdira bitarte. Beste horrenbeste gertatu zen Nafarroako ipar muturreko kanposantuetan, Abaurregaineko hilerriko estelekin ikus daitekeen bezala[2]. Oro har, Erdi Aroaren ondoko pieza horien ikonografia identifikatzen erraza da, zeren, Nafarroako Erdi Aroko esteletako apaindurian sustraitzen bada ere, errealitate sozial eta erlijioso berriei erantzuten baitie. Teknika eta estilo aparta daukate, garaiko behar sozial eta ekonomikoetara egokituta. Haietako batzuk Baionako Euskal Museoan daude ikusgai[3], eta beste batzuk, berriz, Lauburu elkartearen Hilerrien Interpretazio Zentro interesgarrian, Nafarroa Behereko Larzabale herrian.

Azkenean, mentalitate higienezalea sortu zen Ilustrazioarekin, XVIII. mendeko bigarren erdiko demografia handia akuilu izan zuena, eta hura zela kausa, kanpoaldea berreskuratu zen ehorzketa-leku gisa gizarte modernoan, baina oraingo honetan, hirigunetik kanpo, ongi aireztatutako toki batean, gaur egun ezagutzen dugun moduan.

 

2.5 Funtzionaltasuna

Estela diskoidala hilerrietako ehorzketa-markatzaile bat da, gehienetan hilobiko buruan kokatzen dena. Alabaina, eta gutxienez XVI. mendetik aurrera, Burgosko museoan datatutako pieza batek zehazten duen bezala, estela diskoidalek beste funtzio bat ere bete dute, hura ere ehorzketari lotua: oroigarrizko bideko estelak ziren. Penintsulako zenbait tokitan (Nafarroa, Gipuzkoa, Araba, Burgos…), hilarri horiek jarraipena eman zioten Erdi Aroaren ondoren forma diskoidalari, eta bide ondoetan altxatzen zituzten, indarrezko, ustekabeko edo bat-bateko heriotzaren oroimenez, halakoetan ezin baitzen azken igurtzidura eman. Horregatik, tokia bedeinkatzeaz gain, arimaren aldeko errogatibak jasotzea zuten funtzio nagusia, oroitzea eta otoitz egitea eskatzen baitzioten estelaren ondotik pasatzen zenari.

Halako piezen erabilera emendatu zen XVIII. mendeko bigarren erditik XX. mendeko erdialdera arte. Oroigarrizko bideko hilarriaren suspertze hori zor zaie ehorzketen aldaketei eta garaiko mentalitate erromantikoari. Erraza da haiek bereiztea, kanposatutik kanpo kokatzen direlako eta oso maiz “Aquí murio…” edo “Aquí mataron…” gisako formula epigrafikoak agertzen dituztelako. Bilduman, oroigarrizko bideko pieza bat dago, Martina Urdanoz hil zen tokia markatzen zuena (25. estela).

 

Colomo Castro & Ukar Muruzabal (2022: 16).

 

2.6 Fabrikazioa.

Gutxi aldatu da denborarekin estelen eskuzko lana. Tokian tokiko harriak erabiltzen dira gehienbat, eta bildumako pieza guztiak kareharrizkoak edo hareharrizkoak dira.

Lanabesek utzitako arrastoei esker, ongi ezagutzen dugu estela bat egiteko prozesua. Harria ateratzeko, falkak (A), mazoa (B) eta hargin-mailua (C) erabiltzen dira. Gero, konpasaren (Ñ) laguntzarekin, zirkulua marrazten da harri blokearen gainean, eta erregela edo eskuaira (P) erabiliz, aldiz, oina, zeina forma desberdinekoa izan baitaiteke. Ondoren, ebakitzaileak, leuna edo horzduna izan (Q, E), diskoko bi aldeetako ikonografia prestatzen du. Zenbaitetan, dekorazioaren hasierako trazadura edo bozetoa egin baino lehen, estelako aurpegiak leundu egiten dira antzeko gogortasuna duen harri batez. Punta-zizel (H) batekin egin daitezke bozetoak, eta geroago, zizela (J, L) edo punta-zizela erabiliz lantzen dira motiboak, eskuarki behe-erliebe lauan, baina beste batzuetan beste teknika batzuk aplikatzen dira, hala nola ebakidura edo erliebe negatiboa.

 

Ukar Muruzabal (1994:115).

Idaztea orokortu zenean, XVI. mendetik aurrera, estela tabularrak ugarituz joan ziren, horko epigrafiak eremu antolatuagoa eta erosoagoa daukalako irakurri ahal izateko. Bildumako esteletan, ebakiduraz landu da epigrafia, punta-zizela edo zizela erabiliz, baina badaude behe-erliebe batzuk ere.

Koloreak garrantzia izan beharko zuen hilarrietan, eta baliteke haietako asko pinturaz apainduta egon izana. Hala ere, oso bakanak dira gureganaino ailegatu diren gisa horretako piezak; oso gutxi atzeman dira kanpoaldean egoteagatik eta azterlan faltagatik. Etnografiaren bidez, badakigu Nafarroa Beherean badaudela batzuk, XIX. eta XX. mendean bi koloretan eginak, eta mantentze-lanak familiakoek egiten zituztela. Bestalde, Artetako museoaren bildumako bi estelak ere badute bi koloreko dekorazioa, baina sedimentazioko hareharria landuz lortuta. Izan ere, kanpoaldeko eta barrenaldeko gerizen tonalitate naturala desberdina denez, behe-erliebearekin lortzen da hondoak eta figurak tonu desberdina izatea.

 

2.7 Ikonografia

Ikonografia, askotan, diskoko bi aurpegietan azaltzen da; hala ere, ez da ezohikoa bakar batean baino ez egotea. Batzuetan ertzak ere badu dekorazioa, dela motibo geometrikoekin (6. estela), dela, gutxiagoetan, epigrafiarekin (1. eta 2. estelak). Irudi ikonografikoaren ertza bakuna izaten da, baina batzuetan bikoitza da, eta sigi-sagako motibo baten dekorazioa izan dezake, behe-erliebean landua (7. estela).

Gurutzea motiborik ohikoena da estela diskoidaletan, eta kristau fedea eta berpizteko itxaropena islatzen ditu. Gutxi dira gurutzea alde batean gutxienez ez dutenak. Zenbaitetan gurutze latinoa agertzen bada ere (25., 19. eta 26. estelak), estela diskoidaletan gurutze grekoak dira arruntagoak, dela beso zuzenak, dela beso lerromakurrak izanda, eta azken horien artean, ganbilak edo ahurrak topatzen ditugu. Muturrei erreparatuta, gurutze mota asko daude: gurutze birgurutzatua (18. estela), lis loreduna (17. estela), floroiduna (6., 14. eta 15. estelak); gorputzaren formari erreparatuta, honako hauek ditugu: gurutze losanjea (14. eta 15. estelak), zirkuluko gurutzea (2. estela) eta karratu zentraleko gurutzea (17. estela); besoei erreparatuta, badaude sagar modukoak (6. estela); eta funtzioaren arabera, prozesiokoak (6. estela). Gainera, gurutzeko koadranteak apainduta egon daitezke motibo sekundarioekin: gurutzeak (7. estela), zirkulu erradioduneko eta sei petaloko geometriak (7. estela), orri formakoak (6. estela), trazeria gotikokoak (13. estela), irudi antropomorfoak (21. estela) eta armak, hala nola baleztak (16. estela).

Figura geometrikoak dira bigarren multzo ikonografikoa. Bilduman, sei petaloko konposizio geometriko ederrak ditu Irozko pieza batek (8. estela), bai eta beste bi estelatako ifrentzuek ere (14. eta 15. estelak). Sei petaloko loreak, eguzkiaren inspirazioko motibo ederra izateaz gain, tradizio historiko luzea du, historiaurretik gaur egun artekoa, eta Erdi Aroko testuinguruan, sei besoko gurutze bat isla dezake, irudi-hondoaren jokoaren bidez. Irakurketa sinbolikoa eginda, sei zenbakiak orekari eta gizakien arimari egiten die erreferentzia. Izarraren figura geometrikoa ere arrunta da Nafarroako esteletan. Bilduman, hamar puntako izar bat dugu, erosioak asko higatu duena, beheko muturrean baino ez baitu dekorazioa gorde (22. estela). Badago sei punta polilobulatuko izar bat, inspirazio mudejar argia duena (6. estela), eta beste batek sei petaloko eguzki itxura irregularreko motibo zentrala du (21. estela). Bukatzeko, zenbait zirkulu zentrokide azaltzen dira Erdi Aroaren ondoko Erantsusko estela batean, zeina 1920an argitaratu baitzuen Eugeniusz Frankowski etnografo poloniarrak (23. estela).

Sei petalokoaz gain, zeina katalogo honetan iruditeria geometrikoaren barnean sailkatu baita, diskoko ertzean motibo fitomorfoak edo begetalak azaltzen dira maiz. Bilduman, errealismoz eginiko lore txiki bat dauka bere erdian izar polilobulatu batek (6. estela). Motibo begetalak berpizkundearekin daude lotuta, landareak urtero eraberritzeko zikloari heltzen baitio.

Jarraian ikusiko ditugun beste ikonografia batzuek estelak pertsonalizatzen dituzte. Horietako lehenengo multzoa, zertxobait lausotuta dagoena interpretazioari dagokionez, giza irudiak edo irudi antropomorfoak osatzen du. Halako errepresentazioak arruntak ziren erromatarren garaian, hildakoa irudikatzen baitzen, baina Erdi Aroan ere bai, hilarri eta sarkofagoetan irartzen baitziren. Bildumaren barnean, giza irudia bitan azaltzen da. Lehenengoan (11. estela), eremu ikonografiko guzia hartzen du; esku bat bedeinkatzeko imintzioan agertzen da, besoa altxatuta, hatz erakuslea eta eranztunekoa zabalduta dituela, eta gainerakoak tolestuta. Jarrera horregatik, apaiz bat izan liteke irudi hori, erlijiosoen zigilu pertsonaletan azaltzen diren bezala, baina ezin da baztertu hiletaren erritoaren une bat izatea, sarkofagoetan jasotzen den bezala. Bigarrenean (21. estela), giza irudia sekundarioa da, koadrantearen barnean baitago. Irudikatutakoak hankak zabalduta eta besoak gurutzean ditu. Dantzaritzat hartu dira gisa horretako irudikapen batzuk, Euskal Herriko Erdi Aroaren ondoko esteletan azaldu direnean.

Ikonografia pertsonalizatuarekin jarraituta, bigarren multzo batean ofizioak sailkatzen ditugu, azaltzen hasten direnak hiriak XIII. mendiaren erdialdetik aurrera sendotutakoan. Balezta bat dugu, motibo sekundario gisa, gurutze greko baten koadrante batean (16. estela). Arma horiek Nafarroako Erdi Aroko zenbait piezatan agertzen da, bai eta Erdi Aroa bukatu ondoan ere, Euskal Herriko Iparraldeko pieza diskoidal batzuetan. Aihotz bat Huescan jatorri duen estela batean (4. estela) azaltzen da; lanabes prototipikoa da, nekazaritzaren mundua ordezkatzen duena. Irudiaren plastika ez da Nafarroakoa (Colomo 2023), zeina ikusgai baitago Tafallako Udalaren estelen erakusketa iraunkorrean[4], baina antza du Isun de Basako (Huesca) Erdi Aroko hilobi baten tapakoarekin.

Irudiaren bidez pertsonalizazioa lortzeko hirugarren bide bat heraldika da, edo sasi-heraldika, hau da, markorik edo armarririk ez duen errepertorio heraldikoko irudia. Gai askotariko irudi horiek lotura zuzena dute deiturarekin edo leinuarekin. Hala ere, ez dira interpretatzen errazak, eta heraldika ongi ezagutzea eskatzen dute. Bilduman sasi-heraldikaren hiru kasu izan litezkeenak azaltzen dira. Lehendabizikoa Erdi Aro Beteko pieza bat da, non azaltzen baita eskuinaldera dabilen txakur bat. XII. mendeko datazioa du, epigrafia analisi baten arabera, eta BERNART izena ertzean (1. estela) eta …ENA epigrafia-zatia aurreko aldean idatziak daude. Izan ere, Bernard abizena Katalunia eta Aragoiko heraldikan txakur baten bidez errepresentatzen da (Valero de Bernabé 2007: 178-179). Alabaina, oraingoz hau hipotesia baino ez da, heraldikaren zabaltzea beranduxeago gertatu baitzen. Bigarren pieza ere Erdi Arokoa da. Harri landuzko gaztelu bat du, puntu erdiko ate bi-orri bat daukana; hiru dorre ere baditu, erdikoa (edo dorre nagusia) besteak baino handiagoa da, eta denek hiruna almena triangeluar dituzte, Kataluniako gaztelu heraldikoen irudikapenetan bezala (5. estela). Erdi Aroko hirugarren pieza batek hiru orriko lore original bat agertzen du; formalki, ez da lis lorearen irudikapena, alboko orriak ez direlako kakotzen, baina osaeragatik ematen du lotura duela irudi heraldiko horrekin. Edonola ere, ezin da baztertu hiru orriko loreak izaera erlijiosoa izatea.

 

2.8 Epigrafia

Oso urria da Erdi Aroko estela diskoidalen epigrafia. Museoaren bilduman, ohiz kanpoko bi piezak dute inskripzioa, alde batetik ertzean (1. eta 2. estelak), eta bestetik diskoko aurpegian (1. estela). Huescan dute jatorria bi piezek, eta horietako batek lotura argia du Jakako estelen multzoarekin.

Huescako probintzian Erdi Aroko inskripzio ugari daude penintsularen mailarako. Izan ere, bazeuden zentro epigrafiko aipagarri batzuk, hala nola San Juan de la Peña eta Jakako, Huescako eta Roda de Isabenako katedralak, eta produzitu zutenaren artetik hilarriko epigrafia edo nekrologioa nabarmentzen da. Horregatik da hain garrantzitsua Erdi Aro Beteko epigrafia Huescako estela diskoidaletan. Jasotako inskripzioetan, hiletako formulak azaltzen dira, hildakoaren izena eta heriotzaren eguna biltzen dituztenak, helburua izanik eraginkortasunez egitea hildakoaren arimaren alde. Letra mota gotiko xehea da.

XVI. mendetik aurrera arruntagoa da epigrafia estela diskoidaletan agertzea. XVIII. edo XIX. mendeko pieza batean (25. estela), jasota dago nola deitzen zen bertan hil zen pertsona: Martina Urdanoz. Letra etzanean dago egina inskripzioa, letra larriak eta xeheak nahastuta. Goitik behera irakurri behar da, ezkerretik eskuinera, bi lerro jarraitu daudela behealdeko koadranteetan.

 

3 Katalogoa

Katalogo hau osatzeko, piezak bertatik bertara aztertu dira, bibliografia espezializatua kontsultatu da, bilaketak egin dira ondare arloko artxibategietan eta landa-laneko ikerketak egin dira. Fitxa sistema batean bildu dira era deskriptiboan pieza bakoitzaren intereseko alderdiak: testuingurua, egoera, materiala, neurriak, teknika eta ikonografia, kronologia eta piezaren gaineko azterlanak. Argitalpenaren bukaeran, katalogo honetarako erabili diren erreferentzia bibliografiko guztiak daude bilduta.

Piezak katalogatzeko metodologia hon Mako lan hauetan oinarrituta dago: Ucla-ren hiztegi eleanitza (López de los Mozos eta Menchon Bes 1995), Joan Menchon Bes-en proposamen metologikoa (Menchon Bes 1993) eta Jesús Ukar Muruzabal nafarraren obra (Ukar Muruzabal 1994), hura baita erreferentziazko azterlana Nafarroako estela diskoidalen ikonografiari buruz.

Epigrafia María Encarnación Martínek irakurri eta transkribitu du.

Funtsean, kronologiaren arabera aurkezten ditugu piezak hurrenkera honetan, baina jatorria kontuan hartuta. Piezak honela xedatuta, hobeki ulertarazi nahi dugu ikonografiaren garapen diakronikoa.

 

 

[1] Nafarroako Kultur Ondarea / Patrimonio Cultural de Navarra https://administracionelectronica.navarra.es/webextregistrobienes/pantallas/gestionbienbusqueda.aspx?idioma=eu-ES

 

[2] https://valledeaezkoa.com/que-ver-y-hacer/jardin-de-las-estelas-2/

 

[3] https://www.musee-basque.com/

 

[4] Casa de Cultura, Calle Túbal 19, Tafalla (Navarra).

 

Versión del catálogo e imágenes:

Descargar catálogo de ESTELAS (versión castellano)